lunes, 31 de enero de 2011

Nola erantzun zelaian jokalari lesionatu baten aurrean? IV


Kolpeak eta zartadurak

Amaitzeko sarrera honetan maizen ematen diren lesioei buruz hitz egingo dut. Kasu gehienetan beraien tratamendu arinak, ez du eragiten lesioaren sendatze arinagoa.

KOLPEAK

Kolpe bat tratatu baino lehen, aztertu behar da ia hezurren bat haustu duen jokalariak jaso duen kolpearen ondorioz.

Lehenengo ematen dena normalean, krioterapia da, hotzaren bidezko terapia. Honen bidez, gero emateko tratamendua errazten du eta gainera erraza da aplikazioaren orduan. Krioterapiaren helburua, hotzaren bidez lortzen den efektu analgesikoa, antiinflamatorioa, mioerlajatzailea eta estimulatzailea da.

Hotzaren aplikazioa metodo desberdinen bidez egin daiteke. Modu honena gelak izaten dira, baina beste moduak ere badaude, izotza zuzenean adibidez edota spray bereziak. Lesioa arina izan bada 2-3 aplikazio egunean nahikoa izaten da kolpea sendatzen laguntzeko.

ZARTADURAK

Zartadura bat deritzo giltzadura baten alterazio anatopatologiko eta kliniko bati, non mugimendu zakar baten ondorioz giltzaduraren gehiegizko mugimendu bat eman da.

Kolpeak bezala zartadurak mina sortzen dute. Eta modu erraz batean sailkatzen dira zartadurak arin eta larriak.

  1. ·         Arinetan nahiz eta bihurdura eman den giltzadura sendo eta finko mantentzen da.
  2.             Larrietan lotailuren bat apurtu egin da, apurketa hori osoa edo partziala izan daiteke.

Honen tratamenduan ere, hasiera batean hotza aplikatzen da, geroago zartadura arinetan bendaje bat jartzen da; zartadura larria izanez gero, bendaje barru-bigun bat jartzen da eta ospitalera eramaten da lesionatua; bertan aztertuko dute lotailua zer neurritan apurtu egin den; guztiz apurtu egin bada kirurgia egin behar da, bestela eskayola bat nahiikoa izango da.

Nola erantzun zelaian jokalari lesionatu baten aurrean? III


Zauriak eta hezur hausturak

Sarrera honetan, zauri edota hezur haustura jasan duen jokalari baten aurrean nola erantzun behar den azalduko dut. Baseball-ean nahiko lesio arruntak dira mota honetakoak.

ZAURIAK

Zauri guztien aurrean 3 gauza izan behar ditugu kontuan:
  • -         Nahiz eta zauria txikia izan zaindu behar da. Nire taldeko batek ez zuen zauria zaindu eta ospitalean bukatu zuen infektatu zitzaiolako.
  • -          Lehen bai lehen sendatu behar da. 6 ordu pasatu badira eta puntuak jarri behar baldin bazaizkio berandu da, eta sutura gabe denbora gehiago behar du zauriak sendatzeko eta gainera, infektatzeko erraztasun gehiago du.
  • -          Zauria tratatu behar da ahal den asepsia gehienarekin. Lehenengo garbitu behar da xaboi eta ura edo ur oxigenatuarekin, eta gero desinfektatu behar da; azkenik, estaliko da gasa batzuekin; sutura behar badu ospitalera eramango da.
Baseball-ean ematen diren zauriak, kirolaria lurrera botatzen denean, edo beste baten botek duten labanak mozten dutenean.
Odol jario handia denean, zauria zaintzen duenak hemorragia gelditzen saiatu behar du.Horretarako:
  • -          Hemorragia arin gehienetan odol jarioa 3-5 minututan odol jarioa gelditu egiten da.
  • -          Gorputzadar batean kokatzen bada zauria hau altxatu behar da errazteko odol jarioaren geldiketa. Baina hezurren bat apurtu behar da ez da igo behar.
  • -          Odol jarioa handiagoa bada, presioa egin beharko da zauriaren gainean: presioa, indartsua izan behar da eta ahal izanez gero gasa baten bidez eman beharko da. Presio zuzena denbora luzez mantendu behar da.
  • -          Aurreko mekanismoak funtzionatu ez badute, azkeneko irteera tornikete bat egitea da.
HEZUR HAUSTURAK

Hezur haustura baten aurrean baldin bagaude edo uzte baldin bada, lehen pausua immobilizazioa da. Eta gero zentro espezializatu batera eramango da zauritua. Hala ere, hau egiteko, jakin egin behar da immobilizazio bat egiten, horregatik ez baldin badago inor zelaian badakiena hori egiten; hobea da anbulantzia heltzen itxarotea.

Nola erantzun zelaian jokalari lesionatu baten aurrean? II


Traumatismo kranealak

Nahiz eta ez izan oso arruntak, ez dira alde batera utzi behar duten garrantziarengatik. Ezagutzen dira kasuak baseball jokalariak hil egin direla buruan jaso duten kolpearen ondorioz.

Kolpe hauek pilotakada baten ondorioa izan daiteke, 47 m/s=168km/h abiadura eramatera heldu daiteke pilota eta oso gogorra da, beraz arriskutsua izan daiteke. Baita beste jokalari batekin elkar jo ondoren eta horma baten aurka jo ondoren ere eman daitezke buruan kolpeak. Hauen aurrean eman beharreko erantzunak:

1)          Jokalariak konortea galtzen ez badu: Partidutik kendu beharko da jokalaria eta etzanda jarriko da hankak goian mantenduz, horrela hobea izango da buruko irrigazioa. Kolpea indar handikoa izan bada, zenbait egun mantendu beharko da kirola egin gabe, denbora tarte horretan buruko min bizia, botaka egiteko gogoak, ikuspen iluna, … baldin baditu medikuarenera eraman beharko da.

2)          Konortea galdu egin badu: Kirolaria eraman beharko da ospitalera, beraz anbulantzia etorri  beharko da zelaira. Heltzen den bitartean, zenbait gauza aztertu beharko dira, hala nola: pultsua daukan eta arnasa hartzen duen.
a.       Baldin baditu, jokalaria decubito lateral, hau da alboz eta etzanda jarriko diogu anbulantzia datorren bitartean.
b.      Hauek falta badira, masaje kardiorespiratorioa egingo zaio. Mantendu egingo da maniobra anbulantzia heldu arte.

  Lesionatuaren garraioa ohatila baten bidez egin behar da, eta arrazoi gehiagorekin buruko kolpeetan. Anbulantziaren falta badin badago, eraman behar den kotxea saiatu behar da handia izatea hobeto eramateko. Lesioa arina baldin bada eserita eraman daiteke ospitalera. Bestela etzanda eraman beharko da, decubito lateral da postura onena.

Nola erantzun zelaian jokalari lesionatu baten aurrean?

Beti interesgarria da kirolean ematen diren istripuen aurrean nola erantzutea jakitea.

Lehenengo eta behin erantzun zuzena eman behar zaio lesionatutako kirolariari; horretarako kontuan hartu behar dira zenbait gauza:

--    -  Botikinaren kokapena kirol instalazioetan
-          - Sarrera erraztuak bertara, anbulantzia edo kotxe bat bertan sartu ahal izateko.
-          - Lehen sorospenak ezagutzen dituen pertsona bat instalazioetan egotea. Beraren beharrak:
o   Istripuaren balorazioa egingo du. Eta erabaki egingo du zelaian bertan edota mediku zentroan jasoko duen laguntza.
o   Gainera, koordinatu egingo ditu kirolariari eman behar zaizkion laguntzak, eta saiatu behar du, kirolariaren inguruan egon daitezkeen jende multzoak ez sortzea.
Errazago ikusteko nola lagundu ahal zaion lesionatutakoari 3 ataletan banatuko dut: 
1)              -Traumatismo kranealak
                     -Zauriak eta hezur hausturak
3)               - Kolpeak eta zartadurak

viernes, 14 de enero de 2011

INDARRAREN ENTRENAMENDUA, MUSKULUAK PUNTU PUNTUAN
 
Gorputzak egokitzeko duen gaitasunari esker, entrenatuta, indar handiagoa lortzen da. Eta indarra entrenatzea beharrezkoa da kirol guztietan, emaitza hobeak lortzeko eta lesio-arriskua txikitzeko. Indarra muskuluaren baitan dago, baina ez pentsa muskuluak puntu-puntuan jartzea kontu erraza denik, biokimikaren ikuspegitik ez behintzat.

Kirol guztietan lantzen da indarra. Kasu batzuetan kirol horren osagai funtsezkoena da, esate baterako, halterofilian, pisu-jaurtiketan edo lasterketa laburretan (100 metroetan, adibidez). Beste batzuetan, berriz, trebezia da osagai garrantzizkoena, baina indarra ezinbesteko lagungarria da; hala nola, futbolean, tenisean edo mendi-bizikletan. 
 
Hori hala, entrenamendua kirol bakoitzak dituen ezaugarrietara egokitzen da. Entrenamenduan, kirol horretarako funtsezko trebeziak lantzen dira. Eta kirolari batek entrenamendu-mota bat baino gehiago egiten ditu trebezia horiek helburu hartuta. Indarrari dagokionean, kirol bakoitzak bere beharra du. Dena dela, oro har, indarra funtsezko osagaia den kiroletan, muskuluari karga astunak mugiarazten zaizkio, eta, indarra bera baino gehiago mugimendua denbora luzez mantentzea eskatzen dutenetan (lasterketa luzeetan, esaterako), karga txikiagoak erabiltzen dira entrenamenduetan, baina mugimenduak gehiagotan errepikatzen dira.
 
Kirol jakin batzuetan ahalik eta mugimendu azkarrenak behar dira. Baina muskulua azkarrago mugitzeko entrenamenduek ez dute emaitza handirik ematen, kirol-entrenatzaileei hala erakutsi omen die esperientziak behinik behin (mugara azkar iristen omen dira). Horregatik, kasu horietan ere muskuluaren indarra da entrenatzen dena. Izan ere, helburua mugimendu baten potentzia handitzea da azken finean (esku-pilotan pilotari azkar eta indar handiz jotzea, adibidez), hau da, indar handiagoa egitea denbora-unitateko; entrenamenduaren bidez denbora ezin bada asko txikitu --ezin bada mugimendua azkartu--, indarra bai, entrenatuta asko handitzen da. 
 
Julio Tous eliteko kirolarien prestatzailea izan da, eta gaur egun Karoliska Institutuko laborategi batean dihardu indarraren entrenamendua ikertzen. Tousen esanean, "azken finean, kontzeptu garrantzitsuena potentzia da, indarraren eta abiaduraren uztarketa baita. Gure adierazlea potentzia da, kirolariaren errendimendua erakusten baitigu". 
 
Zailtasunen aurrean egokitu

Indarra entrenatuta kirolariaren errendimendua hobetzea bilatzen da, beraz. Indarra entrenatuta muskulua hazi egiten da --hipertrofia esaten zaio horri--, muskuluak bere baitan dituen zelulak hazi egiten dira: proteina gehiago pilatzen dute, zelularen egitura osoa handitu egiten da. Horri esker, indar gehiagoz uzkurtzeko gai da zelula bakoitza, eta, ondorioz, muskulu osoa. Hori oso interesgarria da potentzia handia eskatzen duten kirol-probetan (ehun metroko lasterketan, esaterako, pauso indartsuagoak azkarrago korri egitea dakar). 
 
Proba luzeetarako, ordea, ez da komenigarria muskulua haztea. Maratoilari bati begiratu besterik ez dago: muskulatura gutxiko atletak dira, arinak. Izan ere, muskulatura, mugitzeko motorra izateaz gain, karrozeria ere bada; eta, kasu honetan, ez da komeni karrozeria astun eta garestirik energiari dagokionez. Iraupen luzeko probetan prozesu mugatzailea muskulura oxigenoa ekartzea da, eta muskulu handi batek oxigeno asko eskatzen du. Beraz, iraupen luzeko probetarako eraginkorragoak dira muskulu txiki eta arinak. 
 
Dena dela, entrenamenduak ez dio muskuluari bakarrik eragiten, inguruko prozesuei ere eragiten die, eta, besteak beste, muskuluetara odola azkarrago ekarriko duten odol-hodi gehiago ere hazten dira. Hodi horiek ekarriko diote muskuluari proba luzeetan hain beharrezkoa den oxigeno hori, eta baita beste hainbat sustantzia ere (glukosa erregaia, ura, ioiak...), ezinbestekoak kirol-mota guztietan. 
 
Sustantzia horiei guztiei esker lortzen da mugimendua. Eta muskuluaren lana, azken finean, horixe da: mugimendua sortzea, eta horretarako uzkurtu egiten da, eta, ondoren, erlaxatu, noski. Baina batzuetan muskulua tenk uzkurtuta geratzen da, kirol-saio luze baten ondoren, adibidez, edo hil ondoren. Rigor mortis -a, azken finean, muskuluaren etengabeko uzkurtzea da; eta horren atzean ATP izeneko molekula bat dago.
Biokimikan, ATP molekula energiaren sinboloa da. Muskuluari dagokionean, ATPak (adenosina trifosfatoa) ematen dio muskulu-zelula bakoitzari uzkurtzeko energia. Zehazte aldera eta azaletik bada ere, esan liteke ATP molekulak kontrolatzen duela uzkurketaren muinean dauden miosina eta aktina proteinen arteko elkarrekintza: miosinari ATPa lotzen zaio, erreakzionatu (ATPasa aktibitatea du miosinak) eta aktinari lotzen zaio, miosinak konfigurazioa aldatzen du eta mugiarazi egiten du aktina (biokimikaren ikuspegitik horixe da, hain zuzen ere, muskuluaren uzkurduraren oinarria). Miosina eta aktina askatzeko ATP gehiago behar da, ordea. Horregatik geratzen da uzkurtuta muskulua zeluletako ATPa agortu eta gehiago iristen ez denean, hildakoan adibidez. 
 
Energiaren bideak 
 
Muskulua mugitzeko, beraz, ATPa behar da. Baina zeluletan ez da egoten ATP molekula asko. Hori dela eta, ATParen beharra dagoenean, sintetizatzeko mekanismoak jartzen dira martxan. 
 
Lehenengo mekanismoa kreatina-fosfatoarena da. Kreatina-fosfato molekula bakoitzeko ATP bat lortzen da. Erreakzio bakarrean gertatzen da hori, eta, ondorioz, lehenengo mekanismo hau da ATPa lortzeko biderik azkarrena. Azkarrena da, baina ez du asko irauten: hamar bat segundoko uzkurtzea ematen dio muskuluari. Horregatik, mugimendu laburretarako da bereziki baliagarria: ehun metroko lasterketan, pisu-jaurtiketan, falta-jaurtiketa batean baloiari jotzean eta antzekoetan.
Hainbat kirolarik kreatina hartzen du dieta-osagarri gisa kreatina-fosfato biltegiak handitzeko asmoz. Izan ere, muskuluan kreatina-fosfatotik abiatuta ATPa lortzen denean, kreatina sortzen da, eta erreakzio hori itzulgarria da: nahikoa ATP dagoenean, kreatinarekin erreakzionatzen du eta kreatina-fosfatoa sortzen da; ATPa falta denean (muskuluaren jarduerarako), kontrako bidea egingo du erreakzioak. Baina ez omen dago frogatuta dietaren osagarri gisa hartutako kreatinak eragin hori duela. 
 
Bigarren mekanismoa glukolisia da, eta abiapuntua glukosa edo glukogenoa izaten da. Glukosatik abiatzen denean hamar erreakzioko katea da, eta bi ATP lortzen dira. Glukogenotik abiatutakoan, berriz, hamabi erreakzioren ondoren hiru ATP lortzen dira. Glukolisi honi esker, muskulua 20-40 segundoko jardunari eusteko gai da (alde handia dago entrenatutako muskulu baten eta entrenatu gabeko baten artean). 
 
Erreakzio horien hondar-produktuetako bat azido laktikoa da. Berez, babes-mekanismo bat da muskuluarentzat, geldiarazi egiten baitu erreserba energetikoak agortu baino lehen. Oso konposatu ezaguna da kirolarien artean; izan ere, kirolariaren muga edo esfortzu-ahalmen maximoa kalkulatzeko erabiltzen da. Berez, ariketa labur eta intentsoetan, nekearen seinalea da; baina ariketa luzeagoetan ere ekoizten da, muskuluari nahiko oxigeno iristen ez zaionean. Proba batean kirolariaren odoleko azido laktikoaren kontzentrazioa bat-batean igotzen denean, bere mugara iritsi dela esan nahi du; kirolariak muga hori zein den aldez aurretik badaki (probak eginda), kirol-proban izan dezakeen intentsitate optimoa kalkulatu ahal izango du. 
 
Aipatutako bi mekanismo horiek anaerobikoak dira, hau da, oxigenoak ez du parte hartzen erreakzioetan. Horregatik, mekanismo horiek agintzen duten ariketei ere anaerobiko esaten zaie; ariketa azkarrak eta laburrak izaten dira. Jarduera luzeagoetarako beste bi mekanismo daude. Horiek aerobikoak dira, hau da, oxigenoa erabiltzen dute glukosa eta gantza erretzeko.
Hirugarren mekanismoa, beraz, glukosa erretzean (oxidatzean) datza. Erreakzio-kate luze bat da (Krebs-en zikloa, elektroien garraio-katean...), aurrekoak baino prozesu makalagoa da, beraz, baina etekin ederra du: 36-38 ATP lortzen dira. 
 
Kasu honetan, erregaia (glukosa) agortu arte jarraitzen du mekanismoak, ez aurrekoetan bezala. Horrek arrisku bat du, noski: glukosa agortutakoan ahulezia datorkio kirolariari. Ikusi besterik ez dago flakia etortzen zaienean txirrindularien errendimendua zenbat jaisten den. Bada, hain zuzen ere, glukosa faltagatik gertatzen da hori. 
 
Eta, azkenik, laugarren mekanismoa da guztietan motelena: gantza erabiltzea erregai gisa, hain zuzen ere. Oso motela da, batetik, gantza mobilizatu egin behar delako eta, bestetik, ATPa lortzeko prozesua ere askoz konplexuagoa delako. Baina ATP gehien bide honetatik lortzen da: 130 molekula. 
 
Onena da mekanismo horrek nahi beste irauten duela. Gantza ez da inoiz muga, Jon Irazusta EHUko Medikuntza Fakultateko irakaslearen arabera: "pertsonarik argalenak ere hiru egun egin ditzake korrika gorputzean duen gantza erregai gisa erabilita. Horregatik saiatzen dira kirolariak ahalik eta gantz gutxien izaten".
Gantza galdu egiten du kirolariak entrenamenduetan (dieta zaintzeak ere laguntzen dio horretan), baita ariketa-saio laburrak egiten baditu ere. Izan ere, Jon Irazustaren esanean "uste okerra da gantza erretzeko saio luzeak egin behar direla: hiru-lau minuturako gantza erretzen hasten da lanean ari den muskulua. Egia da ariketa-saioa luzatzen doan heinean ATPa lortzeko mekanismo nagusia lehenengotik laugarrenera lerratzen dela, baina jardunaren ia hasieratik bertatik mekanismo bat baino gehiago izaten dira aldi berean martxan". 
 
Estresa, kirolariaren lagun eta etsai 
 
Korrika-saioak, pisu-ekinaldiak, luzamenduak... entrenamendua ariketarekin lotuta dago. Baina askoz zentzu zabalagoa du. Dieta, esate baterako, entrenamenduaren parte da, eta zer esanik ez atsedena eta loa. Dieta egokia, atsedena eta loa beharrezkoak dira entrenamendua asimilatzeko. 
 
Entrenamendua asimilatzea muskulua ariketarako egokitzea da: mitokondria gehiago sortzen dira zeluletan, odol-hodi berriak sortzen dira... azken finean, gorputzak ariketa fisikoak eragin dizkion kalteak konpontzen ditu. Izan ere, berez, ariketa fisikoa estres bat da. Estresak kortisol izeneko hormona bat jariarazten du, eta kortisolaren eraginez proteinak apurtzen dira glukosa lortzeko.
Bizitza pertsonaleko estresak eragin bera du gorputzean; beraz, kirolariak okerrago asimilatzen ditu entrenamenduak azterketa-garaian dagoenean, edo estu dagoenean kirol-proba garrantzitsu bat duelako, edo bestelako arazoak edo kezkak dituelako. 
 
Entrenamendua asimilatzeko, beraz, estresaren eraginez gertatzen den proteinen apurketa hori konpentsatu beharra dago. Horretarako, hauek dira errezetaren osagai nagusiak. Batetik, dieta; elikagaien bidez, glukosa eta proteina falta hori konpentsatzen da neurri batean. Eta, bestetik, atsedena eta loa; izan ere, lo egitean hazkuntza-hormona gehiago sintetizatzen da. Hazkuntza-hormonak eragin anabolizatzailea du, hau da, proteinen ekoizpena bultzatzen du. Beraz, kirolari batek lo gutxi egiten badu, entrenatu ahala, emaitza hobeak izan beharrean, okerrera egiten du. 
 
Egia da, halakoetarako tranpa txikiak ere badaudela. Esate baterako, eragin anabolizatzailea duten sustantziak hartzea (testosterona eta horren eratorriak). Anabolizatzaileak ezagunak dira muskulazio-geletan muskulua hazarazten dutelako; baina beste eragin interesgarri bat ere badute, Jon Irazustaren ustez: errekuperatzen laguntzen dute. Muskulu-zuntzetako apurketak konpontzen dituzte, globulu gorri berri gehiago sortu eta abar. Hala, ez da hainbeste atseden eta loaldi behar entrenamendua asimilatzeko, gehiago entrena daiteke eta emaitzak arinago lortzen dira.
Emaitza ikusgarriak lortzen dira anabolizatzaile horiekin. Medikuntzaren ikuspegitik oso interesgarriak dira. Alabaina, istiluetan sartu nahi ez badu kirolari batek --istiluek estresa dakarte, eta gogoratu estresak errendimendua jaisten duela-- hobe du horietatik urrun ibili, kiroltasunez jokatu, eta gorputzak berak ekoizten dituen anabolizatzaileen esku utzi muskulua indartzea. 
 

Indarra, muskulua baino gehiago
Indarra muskulua uzkurtzeko ahalmena da. Baina ez da muskulu-kontua soilik: sistema neuromuskularra lantzen da. Izan ere, hasteko, muskulua uzkurtzeko borondatea behar da: uzkurtzeko seinalea garunetik irteten da, eta neurona baten bidez iristen zaio muskuluari.

Bestalde, argi dago gizonezkoek indarra entrenatzen dutenean muskulua hazten zaiela, horrela irabazten dute indarra. Baina emakumeen kasuan muskulua ez da hainbeste hazten (testosterona gutxiago dutelako da hori). Emakumeek beste era batera irabazten dute indarra: batez ere nerbio-kontrola hobetzen dute. Besteak beste, muskulu sinergistak (mugimendu horren aldekoak) hobeto uzkurtuz, antagonistak (mugimendu horren aurkakoak) hobeto erlaxatuz eta mugimenduari beldurra galduz lortzen dute hobekuntza.

jueves, 13 de enero de 2011

Kirola lesioen eta osasunaren artean

Telebista etxeetan kirola sartzen hasi zenetik, kirolarekiko interesa gero eta handiagoa izan da, eta egunetik egunera kirola egiten dutenen kopurua gero eta handiagoa da. Horregatik, kirola -kirola izateaz gain- kultur eta gizarte-jarduera garrantzitsua bihurtu da, milioika lagun biltzen dituena, bai kirolari modura eta bai kirolaren inguruan sortu diren egituren partaide gisara. Lesioak izango ditugu hizpide, lesioak eta kirolak osasunean duen garrantzia.

Kirolaria Afizioz edo ofizioz kirola egiten duena. Bere osasunaren lehen erantzulea kirolaria bera da. Esaldiak sinplea badirudi ere, sakonean garrantzia du: kirolariak berak kirola seguru egiten saiatu behar du lehenik, kirola egiten ari denean eta ari ez denean ahal dela arrisku-faktoreak alde batera utziz.

Kirola egunero eta seguru egitea aukeratzen bada, gutxieneko segurtasun-neurriak hartu beharra dago: ohitura toxikoak baztertzea -alkohola eta tabakoa, alegia-, atseden-orduak zorrotz betetzea, eta elikadura zaintzea.

Materiala eta babesa

Kirola eginez bazter daitezkeen lesioei aurre egiteko neurrietan, material egokiek eta babes-neurriek garrantzi handia dute. Egokiena kirol guztiak banan-banan hartu eta errepasoa egitea izango litzateke, baina orrialde hauek horrenbesterako lekurik ez dutenez, materiala aukeratzean kontuan hartu beharreko oinarrizko gauza batzuk aipa ditzakegu. Jantziei dagokienez, izerdia ondo xurgatzen duten ehunetara eta marruskaduraz erredurarik sortuko ez dutenetara jo behar da. Oinetakoek zoruan ondo itsasten direnak eta kolpeekiko babesa eskaintzen dutenak izan behar dute, aldi berean artikulazioen malgutasuna eta gorputzaren egonkortasuna segurtatuz.

Babes-materialak kirol-lesioen prebentzioan ezin dira ahaztu. Kirol bakoitzerako badaude babes-materialak, bereziki diseinatuak, homologatuak eta arautuak. Lehiaketa batzuetan horiek erabiltzea legez ezartzen da, baina entrenamendu-saioetarako ez dago araututa. Hala ez bada ere, kirolariak entrenamenduetan erabiltzea derrigorrezkoa balitz bezala jokatu beharko luke, beharrezko neurriak hartuz.

Entrenamendua

Kirol-medikuntzaren ikuspegitik, emaitza onenak lortzeko eta kirolarien osasun ona bermatzeko, entrenamenduan oinarrizko hainbat jokabide izan behar da:
  1. Karga progresiboak, gorputzak egiten duen lana poliki-poliki onar dezan. Horrela gehiegizko entrenamendu-arazorik ez da sortuko eta ez da -nekearen eraginez- lesiorik eragingo.
  2. Aldizkakotasun egokia; hau da, atseden aktiboa egitea, gorputzak berriro energia hartzeko aukera izan dezan.
  3. Entrenamendu berezitua, pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokitutakoa, denok ez baikara lan-karga berdinei aurre egiteko gai. Baita taldean entrenatzeko ohitura dagoenean ere.
  4. Kirolariaren osasun ona bermatzeko, entrenamendu orokorra zaindu behar izaten da, kirolariaren gaitasun fisiko orokorrak garatu ahal izateko. Horrez gain, kirolari bakoitzak, egiten duen kirolera egokitutako entrenamendu berezia egin beharko du.
  5. Teknika egoki lantzea -batez ere gazteekin- gorputza mugimendu jakin batzuetara ohitu dadin.
  6. Berotze-ariketak kirol-saioei ekin aurretik, gihar guztiak garatzea ziurtatzeko eta ez kirol jakin batean lan egiten dutenena bakarrik.
  7. Arlo psikologikoa lantzea, entrenamendua lehiaketari begira egiten dena izan ez dadin, baizik eta eguneroko bizimoduan lagundu dezakeen tresnatzat har dadin.
Kirola eta osasuna

Esandakoez gain, lesioen eta osasunaren prebentziorako kontuan har daitezkeen alde gehiago ere badaude, kirol-instalazioak, sendagile-taldea eta abar, baina kirola egin nahi duenari zuzenean dagozkionak aurrekoak lirateke. Beraz, badakigu kirola egin aurretik segurtasun-neurriak hartu behar direla. Baina zergatik kirola? Ona al da osasunarentzat?

Dudarik gabe, bai. Horretaz ohartzeko gizakiaren eboluzioari begiratzea nahikoa izan daiteke. Milaka urtetan zehar gizakiak nomada eta ehiztari izan ziren, baita geroago nekazari ere, eta eguneroko jarduera bera gorputza lanean aritzeko nahikoa izaten zuten. Azkenaldian, berriz, eguneroko bizimoduan jarduera fisikoa murriztea nabarmena izan da. Izan ere, gizakiaren zerbitzura jarri diren makinak eta garraio modernoak iritsi dira.

Gizarte industrialetan bizi garenon forma fisikoa gero eta kaskarragoa da, eguneroko lanetik jarduera fisikoa ia desagertu egin baita. Bizimodu berriaren ondoriorik zuzenetarikoa -osasunari dagokionez- bihotzeko gaixotasunen gorakada itzela izan da. Egoerak garbi adierazten du bizimodu sedentarioa norbanakoentzat kaltegarria izan daitekeela, eta gizartearentzat -gainera- oso garestia.

Hala ere, egin diren ikerketek ez dute zuzeneko harremanik adierazten jarduera fisikoaren eta bihotzeko gaixotasunen artean; datu epidemiologiak, ordea, garbi erakusten dute jarduera fisikoak onurak besterik ez dituela, bai buruko gaitzik ez izateko eta bai gizakien egoera orokorrarentzat. Kirolak, besteak beste, odolaren jarioa hobetzen du, arterietako presioa egokitzen du, arnasketa hobetzen du, pisuaren kontrola egitea erraz dezake, eta beste zenbait arrisku saihesten laguntzen du.

Forma fisiko ona izateko, kirola erregularki egitea ezinbestekoa da. Ez du balio noizbehinka kirol-betekada handia hartzea, eta gero denboraldi batean ezer egin gabe egotea. Forma fisiko onean dagoen edonork eguneroko bizimoduan sor daitezkeen erronka fisikoei ondo egingo die aurre; forma fisiko eskasa duena, berriz, -nekea medio- ez da eguneroko lanei aurre egiteko gai izango, eta, ondorioz, jarduera eten beharrean izan daiteke.

Dena den, forma fisikoa eta osasun ona ez dira gauza bera. Bateragarriak izan daitezke, baina ez gauza bera. Osasun ona definitu beharko balitz, gaixotasunik eza esatea nahikoa izango litzateke. Forma fisikoa -osasun onarekin baino gehiago- energiarekin lotu daiteke, bizitzan ager daitezkeen zailtasun fisikoei aurre egiteko erronkarekin, eta fisikoki gainerakoen menpekotasunik ez izateko erronkarekin.

Forma fisiko, terapia, eta antzeko hitzak entzundakoan, gehienok entrenamendu-saioekin, izerdiarekin eta ohitura osasuntsuekin zuzenean lotzen ditugu. Lotura horrela egiteak badu zentzua, askok eta askok horrela ulertzen baitute kirola egitea, eguneroko entrenamendu-saio bortitzekin. Medikuntzaren ikuspegitik hitz egiten denean -behintzat horrela ikusten du Kirol Medikuntzaren Nazioarteko Federazioak- plana biguna izan daiteke. Aipatu erakundearen arabera, forma fisiko egokia lortzeko astero 3-5 aldiz, gutxienez ordu erdiz eta gehienez ordu betez, jarduera aerobikoren bat burutzea nahikoa litzateke: oinez ibiltzea, korrika egitea, igeri egitea, bizikletan ibiltzea, arraunean ibiltzea, patinatzea edo eskiatzea gomendatzen du. Taldean egiten diren kirolak ere ez ditu baztertzen, baina beti ere intentsitate txikiaz eta motel samar eginez. Beraz, anima zaitez, ez dizu kalterik egingo!

7kn argitaratua